Skip to main content

Enpresa batean denak komunikatzen du, eta, horregatik, gaur egun negozio gehienek daukate komunikazio estrategia bat, zeinak markarekin lotutako ideiak eta balioak bezeroari, eta, oro har, gizarteari helarazteko helburua duen. 

Komunikazio estrategia horrek ezinbestean egin behar du bat enpresa bakoitzaren xede publikoaren interesekin. Alegia, transmititzen diren mezuak koherenteak izan behar dira mundua ulertzeko eta pentsatzeko moduarekin, hori baita lehiarako funtsezko abantaila, eta, gainera, enpresei aukera ematen die mundu hobe baten alde egiteko eta garapen jasangarria eraikitzen laguntzeko. 

Eztabaidaezina da gizartea, eta batik bat gazteak, gero eta kontzientziatuago daudela gizarte- eta ingurumen-arazoekin. Hau da, jendarteak, oro har, gero eta presio handiagoa egiten du enpresek beren jarduerek sortzen duten inpaktuaren gaineko erantzukizuna izan dezaten. Egungo kontsumitzaileek produktuen edo zerbitzuen kalitatea bilatzeaz harago, produktu edo zerbitzu bakoitzak sortzen duen gizarte- eta ingurumen-inpaktuaz ere arduratzen dira: langileen lan-baldintzak, ingurumen-ondorioak, erabilitako materialak…

Hori horrela, enpresa guztiek lerrokatu beharko dute ezinbestean beren komunikazio-estrategia iraunkortasunerako bidearekin, esan nahi baita, Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) izan beharko dituzte oinarri eta ardatz komunikazio estrategia garatzerakoan.

Kontsumitzaileen profil berriak

Kontsumitzailearen profila eboluzionatzen ari da eta etengabe aldatzen. Belaunaldi berriek, «Millennials» izenez ere ezagutzen direnek, interes handiagoa dute gizartean eta ingurumenean inplikazio negatiborik ez duen guztiarekiko, ekoizpenaren eta kontsumoaren esparruan. Horrek esan nahi du erakundeek eta enpresek kontsumitzaileen profil horien beharrak asetzeko modu eta bide berriak bilatu behar dituztela. Egungo enpresek ez badute komunikazio-estrategia egokitzeko apustua egiten, nekez iraungo dute merkatuan, epe laburrean zaharkituta geratuko baitira.

Nabarmendu behar da kontsumitzailearen profilaren etengabeko aldaketa horri azken bi urteotan COVID-19aren mundu-mailako pandemia gehitu zaiola, eta horrek hainbat aldaketa ekarri dituela kontsumitzaileen ohituretan.

Kontuan hartuta bezeroek eta kontsumitzaileek egunetik egunera gehiago erreparatzen dietela marken ingurumen-balioei, zalantzarik ez da jasangarritasunak abantaila asko dakartzala. Horregatik, nahitaezkoa da enpresa-eremua errealitate berrira egokitzea eta gizarte- eta ingurumen-eskakizunei aurre egitea. Hori horrela, konpromiso hori komunikazio korporatiboko plan estrategikoan islatu beharko da.

Zabaldu txata
1
Kaixo!
Laguntzarik behar duzu?