Skip to main content

Azken joerak Marketin Digitalean aztertzerakoan, badago azken hilabeteotan tendentzia bat beste guztien gainetik dagoena: Adimen Artifiziala (AA) eta honen aukera errealak begi bistan jarri digun tresna: ChatGPT ospetsuaz ari gara, noski.

Izan ere, aspalditik erabili izan da Adimen Artifiziala (gogoratzen duzu 1997an Kasparovi xake jokalari ospetsuari irabazi zion IBM’s Deep Blue Computer konputagailua?). Baina hasiera batean ia zientzia fikziozkoa zirudiena jada hemen dago, eta edozein pertsonak bere egunerokoan erabiltzeko moduan, gainera. Gaur egun, ChatGPTek —eta beste hainbat aplikaziok— denon esku jarri ditu AAren abantailak, erabiltzeko oso erraza delako eta eskaintzen dituen emaitzak, oso baliagarriak.

ChatGPTaren funtzionamendua horrelakoa da: zuk testu bat ematen diozu gai jakin bat garatzeko, eta berak, segundo gutxitan testua itzultzen dizu, txukun eta zuzen idatzita, gainera. ChatGPTak ez du ordezkatuko erredaktoreen eta copy-en lana, noski, baina oso lagungarria izan daiteke ideiak jasotzeko edo, are gehiago, testu bat egituratzen laguntzeko.

Badaude, gainera, beste funtzio batzuk betetzen dituzten aplikazioak ere:

  • Speech Enhancemnet-ek ahozko grabazioen kalitatea hobetzen du, inguruan dauden zaratak ezabatzen dituelako.
  • Synthesia: adimen artifizialarekin bideoak sortzen ditu dokumentu, PowerPoint edo PDF-etatik abiatuta.
  • DALL-e1 eta DALL-E2: irudiak sortzen dituzte erabiltzaileen deskribapenak abiapuntu hartuta. Tresna hau OPenAI enpresak sortua da, ChatPPT sortu duen konpainia bera.
  • Elhuyar Fundazioaren barruan sortutako Orai NLP Teknologiak enpresak, besteak beste, atari digitaletako testuak (oraingoz goiena.eus-en jarri du martxan) ahots bidez eman ahal izateko deep learning teknologia erabili du.

Bideo laburrak, gero eta gehiago

Baina, AAren erabilera ez da bogan dagoen joera bakarra. Jarraian, pil-pilean dauden beste tendentzia batzuk:

  • Tik tok-en eraginez, gero eta ohikoagoak izango dira bideo laburrak: izan Instagrameko reel-ak edo Youtubeko short-ak.
  • Sare sozialetan bilaketak egiteko joera: gazteek gero eta gutxiago erabiltzen dituzte Google bezalako bilatzaile tradizionalak eta bilaketak Tik tok, Instagram eta beste sare sozialetan egiten dituzte zuzenean, sare hauetatik irten gabe. Beraz, webgune funtzioa betetzen dute dagoeneko eta beraz, zaindu beharreko erakusleihoak dira.
  • Bezeroen fidelizazioa: gutxiago kostatzen da bezero bat mantentzeko ahalegina, berri bat bilatzeko esfortzua baino, hori dela-eta fidelizazioan jarri dute fokua marka asko eta askok.
  • Big Dataren erabilera gero eta ohikoago izango da marketinean eta horregatik, dagoeneko datuen bitartez markak bere bezeroen eta bezero potentzialen gero eta informazio gehiago eskuratzen ari dira. Honela, ebaluazio kuantitatibo zehatzagoak eta estrategia pertsonalizatuagoak egiteko aukera zabaltzen ari da.
  • Aurreko puntuarekin kontrajarria dirudien arren, erabiltzaileek gero eta gehiago zainduko dute beren pribatutasuna eta zailagoa izango da erabiltzeen arrastoa jarraitzea interneten cookien bitartez.
  • Prozesuen automatizazioa marketinean.
  • Googles Analytics 4ren paradigma aldaketa: erabiltzaileen monitorizazioak ebentoetan jarriko du arreta eta ez klik soiletan; alegia, modu argian ikusi daiteke orain zer egiten duen erabiltzaileak interneten.

Ikusten denez eta, sektore honetan ohi den bezala, aldaketa sakonak datoz marketin digitalean eta ziztu bizian, gainera. Hala ere, Adimen Artifizialaren inguruan oraindik ikusteke dago zer ondorio legal eta etiko ekarriko dituen teknologia hauen ezartzeak eta gero eta aditu gehiago ohartarazten ari dira ChatGPT eta antzerako tresnen lege-erregulazioaren beharrez.

Zabaldu txata
1
Kaixo!
Laguntzarik behar duzu?