Euskarak eremu geografiko asko ditu irabazteko eta horien artean, inolako zalantzarik gabe, garrantzitsuenetakoa da Bilbo, non ezagutzaren unibertsalizaziorantz pausoak eman eta erabileran jauzia egitea ezinbestekoak izango diren euskararen normalizaziorako eta biziberritzerako. Euskararen marka, Bilboko Udalarenarekin elkar hartuta, marka erakargarri eta eraginkorra izan dadin bien arteko uztartze baten baitan ari gara lan egiten.
Bilboko udala
Bilbo eta euskara, bata bestearen erronka
Hain justu, Bilboko Udaleko Euskara Zuzendariordetzarentzat lan egiterako garaian, aurrez aurre jarri ditugu elkarren erronka diren Bilbo eta euskara. Euskara marka bezala ulertuta lan egiten ari gara, kanpaina zehatzei ikuspegi globala emanez, euskarak Bilbon espazioa irabazi eta Bilboko hiritarrek euskararekiko duten pertzepzioan eta jarreran eragiteko helburuarekin.
Baikortasuna, ezinbesteko hori
Euskarak aurrez aurre dituen erronka nagusien artean dago ezagutzaren unibertsalizaziorantz urratsak egitea. Herritar helduen euskalduntzea, beraz, lehentasunezko gakoetako bat da euskararen biziberritzea bermatzeko; are gehiago, Bilbon, Euskal Herriko hiririk handienean.
Horregatik, kanpaina honekin euskaltegien matrikulazioetan eragin eta bultzada bat eman nahi izan du Bilboko Udalak. Helburu horrekin, euskararen markaren presentzia hiriko kaleetara eraman dugu, modu fresko eta baikor batean.