Skip to main content

Edurne Kortabarria (Aramaio, 1993) ilustrazio eta diseinu munduan diharduen emakume ekintzailea da. Erabat berritzailea den Visual Thinking metodologiarekin egiten du lan eta Mari Matraka ilustrazio markaren sortzailea da. Irudien bitartez komunikatzeko gaitasuna dauka, kontzeptu konplexuak ulertzeko edo azaltzeko oso erabilgarriak direla uste baitu. Hurrengo artikulu honetan hobeto ezagutzeko aukera izango duzue.

IBILBIDEA

LEINN graduko ikasketak egin nituen Mondragon Unibertsitatean eta, ordutik, arlo desberdinetako proiektuetan egon naiz lanean. Ilustrazioaz eta diseinuaz zerikusia duten proiektu asko jorratu ostean, diseinu grafikoko ikasketak egitea erabaki nuen, Donostiako Ceinpro diseinu eskolan.

Unibertsitatean nengoela, lehenengo proiektu ekintzaileetan hasi nintzen talde-lanean. Ibilbide horretan, lan egiteko metodologia berritzaileak ezagutu eta erabiltzen hasi nintzen, horietako bat Visual Thinking metodologia izan zen.

VISUAL THINKING

Ideiak grafiko, eskema, marrazki, irudi, hitz eta beste errekurtso bisualen bitartez komunikatzeko balio duen metodologia da Visual Thinking-a.

Kontzeptu orokorren inguruan ikuspegi desberdin bat lortzeko eta taldean hausnarketa sakonetan egoera konplexuak identifikatzeko zein ulertzeko balio du. Aldi berean, mind-map deituriko eskemek helburu komunak sortzen, arazoak identifikatzen, soluzioak bilatzen eta ideia berriak sortzen laguntzen digute. Frogatuta dago gure garunaren %80ak irudiak testuak baino errazago barneratzen dituela eta teoria hau, 100%an, frogatu ahal izan dut nik neuk azken urteotan.

Ordura arte egindako laburpen bisualak honako orrialde honetan ikus ditzakezue: www.edurkorta.com

MARI MATRAKA

Ilustrazioa da nire beste pasioetako bat. Umea nintzenetik, marraztu izan dut eta horretan jarraitzea erabaki dut, gaur egun ere.

Askok, emakumeen edertasuna gorputz idealizatuetan ikusten dute. Betidanik erakutsi baitigute emakumea argala, akatsik gabea eta zintzoa izan behar duela. Nik, ilustrazioen bitartez, emakumeen edertasuna gorputz zein aurpegi polit bat baino askoz gehiago dela erakutsi nahi dut.

Horrez gain, nire egunerokotasuneko bizipenak marrazten ditut. Momentuko gertaerak eta emozioak marraztea gustatzen zait baina, kirola egiten nagoen bitartean, etortzen zaizkit ideiarik xelebreenak. Instagram-eko kontu honetan (@mari_matraka) ikusi ditzakezue nire ilustrazioak.

ZERGATIK AZK?

LEINNeko ikasketak egiten ari nintzela, ezagutu nuen AZK komunikazio agentzia. Eskualdeko enpresak ezagutzeko hainbat bisita egiten nituen unibertsitateko taldearekin, enpresa horien proiektuak eta lan metodologiak ezagutzeko helburuarekin. Aurretik aipatu dudan bezala, betidanik gustatu izan zait diseinua, baina AZKra eginiko bisita hartan ohartu nintzen neuk ere diseinatzailea izan nahi nuela.

Gaur egun, AZKn nago praktiketan. Nire asmoa, diseinu, publizitate zein komunikazio arloen inguruan ikasteaz gain, Visual Thinking metodologiaz daukadan esperientzia irakastea eta hau proiektu desberdinetan aplikatzea da. Nire sareetan ikusi dezakezuen bezala, enpresa desberdinekin kolaboratu dut eta AZKn ere, ikuspegi bisual eta berritzaile bat eskaintzeko gogo handiz ari naiz.

 

Visual_Thinking

Zabaldu txata
1
Kaixo!
Laguntzarik behar duzu?