Skip to main content

Komunikazioaren 4 P berriak hauek dira:

  • Pertsona
  • Pertsona
  • Pertsona
  • Pertsona


Harien gisan, egokitzen

Harremanak harien gisan ulertzen ditugu, eta Katamalok zioen moduan, hariak lotu egiten gaituzte. Titerearen modukoak dira: batzuetan atezuan, besteetan lasaieran, edo korapilatzen. Eta horrela bizi gara, hariekin, hariak egokitzen.

  • Harremana, definizioz, hau da:
    Pertsonen edo pertsona-multzoen artean gertatzen den komunikazioa.  

Pertsonek harremantzeko komunikazioa behar-beharrezkoa dute; eta, komunikazioak, pertsonen beharra du erreala eta efikaza izan dadin.  Bien arteko korrelazioa funtsezkoa da, beraz. Are gehiago garaiotan.

Hankazgora jarri zen mundua egun batetik bestera. Gu buruzbehera jartzeak, eusten genuen oinarria iraultzeak, une horretan hankazgora zeudenetaz konturatzeko balio izan digu. Kolpez, begiak zabaltzeko. Eta, korapiloa askatzean, berriz lehengo egoera aldrebesetara ez itzultzeko: hariak egokitzeko.

 

Pertsonen baitan harilkatzen

“Gizakiak galdu du, gizatasuna” kantatzen zuen Zea Maysek. Baina pentsatu nahi dugu, egoera honek esaldi hori berretsi baino zentzugabetu egin duela; eta, hain justu, etxealdiak gizakioi gizatasuna bueltatu digula: moldez aldatzeko gogoa, beste balore batzuen baitan oinarri sendoak eraikitzen hastekoa, elkarrekin ekin eta egitekoa.

Errealitate berri horretan, komunikazioak (eta markagintzak) joku-eremua aldatu beharko lukete. Produktua edo zerbitzua bai, baina periferian; eta ekar ditzagun erdigunera orain arte, sarritan, ertzean utzitakoak: pertsonak. PERTSONAK izan behar du epizentro eta jomuga: erdigune.

 

Hariak josi eta josi, sarea josten

Komunikazioa efikaza izateko, gainera, gure artean elkarlan gehiago sortu behar dugu. Ideiak elkarbanatzen irtenbide egokia topatzea errazagoa da. Bide sasitu eta arantzatsuetatik ibili baino, ederragoa izango da konfiantzazko harremanak sortu eta elkarrekin norabide berean aritzea.

Izan ere, arraunari bakarrik emanez gero, trainerua bueltaka arituko da eta ez da helmugara iritsiko. Guztiok elkarrekin arraun eginez gero, ordea, ontzia aurrerantz joango da. Eta guk, atzera begiratuta egingo dugu aurrera, garrantzitsua baita jakitea nondik gatozen, nora jo jakiteko.

  • Nondik gatozen? Produktutan edo dirutan inbertitzen zen egoera batetik.
  • Nora joan nahi dugun? Baloreetan eta komunitatean inbertitzen den errealitatera.

Gutako bakoitzak bere aletxoa jarrita, gizartea eralda genezake. Etxealdi honetan ohartu gara lehen poz-txiki ziren horiek ez direla horren txiki. Hortaz, heldu diezaiogun horri eta txikitasunetik aldaketa handi bat eragin dezagun!

Hari-muturrak

Komunikatzen dugunok, markagintzan ari garenok, baloreak erein behar ditugu, komunitatea egiteko eta aldaketarako funtsezkoak baitira:

  • konpromisoa
  • jarrera aktiboa izatea
  • koherentzia
  • gardentasuna
  • errespetua
  • entzuten jakitea
  • solidaritatea
  • jasangarritasuna
  • elkarlana
  • zintzotasuna

Moldeak aldatu nahi baditugu, rolak aldatu behar ditugu. Balore horien baitan jokatu beharra daukagu, izan bezeroekin, hornitzaileekin edo/eta lankideekin. Zerbitzu, produktu eta lan horien atzean PERTSONAK daude eta horiek dira zentrora ekarri behar ditugunak; horien ongizatea bermatu, guztion ongizatearen alde egiteko.

Testu honekin pantaila zuria hitzez josi dugu, baina markagintza prozesuetan beti azpimarratzen dugun moduan: “Esate hutsarekin ez dugu ezer egiten. Koherenteak izan behar dugu, eta esaten duguna egin.” Aurreko iritzi-zutabean aipatu bezala: egiten duguna gara eta AZKn, filosofia eta kultura hau oinarri hartuta jarraituko dugu lanean: PERTSONA, PERTSONA, PERTSONA eta PERTSONA.

 

Zabaldu txata
1
Kaixo!
Laguntzarik behar duzu?