Skip to main content

Azken urteotan komunikazioaren garrantzia nabarmen areagotu da enpresa munduan. Salmentak edota negozioa handitzea helburu duen enpresa orok komunikazio eta marketing estrategia on bat garatu beharra dauka.

Horretarako, ezinbestekoa da plangintza on bat izatea, helburuak ondo finkatzea eta horiek lortzeko ekintzak diseinatzea. Akzio multzo horien artean, newsletterren bidalketa nabarmendu nahi dugu.

Zer da newsletter bat?

Newsletterra edo albiste buletina posta elektronikoaren bitartez egiten den informazio zehatz baten zabalkundea da, askotariko hartzaile eta helburuak izan ditzakeena. Bezeroak informatuta mantentzeko edo hauei gure zerbitzu edo produktu bat saltzeko erabili dezakegu komunikazio bide hau.

Emailing kanpaina bat ongi burutzeko ezinbestekoa da datu base trinkoa izatea. Datu basea zenbat eta handiagoa izan, orduan eta errazagoa izango da finkatutako helburuak lortzeko bidea, audientzia hori segmentatu dezakegulako. 

Zein helbururekin burutzen dira bidalketak?

Bidalketen xedea anitza izan daiteke, baina, ezin dugu ahaztu horien funtzio nagusia hartzailea informatzea dela. Modu horretan, gure audientziaren fidelizazioa lortuko dugu eta horren ondorioz, konbertsioak. Hala ere, hasi baino lehen, hartzailearen baimena izan behar dugu bidalketa hauek burutzeko, eta email bakoitzean aukera eman behar diogu gure zerrendatik kentzeko. Newsletterrekin gure webgunera iristen den trafikoa handitu dezakegu eta, horrela, posizionamendu organikoa hobetu. 

la-importancia-de-las-newsletters

Zergatik gomendatzen da newsletterren erabilera?

Gaur egun posta elektronikoa funtsezko tresna da lan munduan eta baita esparru pertsonalean ere. Hori horrela, esan daiteke hartzailearekin izan nahi den komunikazio hori gauzatzeko bide egokienetarikoa dela.

Newsletterren kasuan, gainera, hartzaileak berak ematen du onarpena marka edo enpresaren gaineko informazioa jasotzeko; zalantzarik gabe, baimen hori aprobetxatu beharreko abantaila da.

Behin kanpaina bidalita, neurketak egin beharko genituzke. Azken pauso honek informazio baliagarria emango digu hurrengo urratsak finkatzeko, akatsak zuzentzeko eta gure bezeroekin komunikazioa hobetzeko.

Nola egin ditzakegu bidalketa hauek?

Posta elektroniko bidezko marketing zerbitzua eskaintzen duten hornitzaile ugari daude; Europa mailan ezagunenak Mailchimp eta SendinBlue dira. Datu basea txikia bada, doako planekin moldatu zaitezke; datu base handia badaukazu, ordea, premium planak beharko dituzu, ordainpekoak, alegia.

 

Zabaldu txata
1
Kaixo!
Laguntzarik behar duzu?