Euskaraldiak bere hamabigarren egunean hartuko du zentzua eta indarra. Amets Arzallusek Euskaraldia hasi aurretik esandako hitzak dira horiek. Dagoeneko pasa da hamaika aldia, eta gurean, oraingoan ere, euskara erdigunera ekarri dugu.
Hizkuntza ohiturak astintzeko ariketa soziala ez ezik, memoria eta logistika lantzeko bide ere izan da Euskaraldia. Goizero-goizero txaparekin gogoratu beharra eta, gainera, tipula bezain beste kapa soinean daramatzagun urte sasoi honetan, txapa zein kapatan jarri erabakitzeak lo orduak kendu dizkigu: txaketan, jertsean, kamisetan… Hanka eskuina lurrean jartzerako asmatu behar izan dugu zein den ordutan gehien erakutsiko dugun arropa eta ttak! hortxe jarri dugu txapa.
Memoria eta logistika arazoak gaindi, txapa paparrean jantzita eman ditugu lan egunak. Eta txapak balio izan du belarripresta baliagarria sentitzeko, erosotasunean deseroso sentiarazi baino, balio handiko sentitu eta aldaketarako urratsa erosotasunez emateko. Pasiboa izatetik aktiboki parte hartzeko hautua egiteraino.
Ahobiziek lehen hitza ez ezik, euskara erabili duten kasik uneoro hamaika egunez. Hizkuntza-ohiturak aldatzeko balio izan du horrek, belarriprestekin kode aldaketan egin baitute harremana.
Komunikazioan egiten dugu lan. Euskaraz pentsatzen dugu eta sormen prozesuan euskara zentroan izaten dugu. Gaur bukatzen da Euskaraldia, baina hain justu gaurtik aurrera hartuko du zentzurik handiena. Jarrai dezagun belarriprest eta ahobizi izaten, eta ea hurrengoak hamaika beharrean 365 egun dituen eta belarriprestak ahobizi txapa janzten duen.