Gure jatorri analogikoaz harro gaude eta, egunerokoan, mundu digitalean liluraturik bizi gara. Horrela azaldu daiteke AZK komunikazioa agentziak bizi duen aro aldaketa, duela 30 urte jaio zenetik gaurdaino.
Jose Angel Iturbek eta Daniel Miguelezek, biak ala biak Arte Ederretan lizentziatu berriak, 1987an ekin zioten abentura honi Arrasateko ganbara batean. Startup teknologiko baten eran jaiotzeak indarra eman zigun hasiera-hasieratik, ikusi besterik ez dago harrezkero eginiko ibilbide luze eta oparoa. Sortzaileek, gainera, jakin izan zuten lagunarteko erlazio jatorrak ezartzen bezero, hornitzaile nahiz kolaboratzaileekin. Eta honek ere asko lagundu zuen bidea errazten.
Gauzak horrela, 90. hamarkada heldu zen eta, horrekin batera, aldaketa handiak izan ziren. Agentzia hazten joan zen eta lehen tokialdaketa orduan izan zen, Arrasatetik Aretxabaletara. Orduan bizi izan genuen lehen iraultza teknologikoa; lehen MacIntosh ordenagailuak agertu baitziren eta, ondorioz, errotuta zeuden lan egiteko moduak hankaz gora jarri ziren, behin betiko.
Mende berriarekin batera, Gotzone Guemes eta Agurtzane Elkoro sozietatean sartu ziren, eta egonkortasuna eta lanarekiko grina ekarri zuten. Baina ekonomikoki eta lan aldetik aro nahasia izan zen. Boom xelebre baten atarian geunden. Egoera aldredesak arruntak ziren, norma, eta berba-lapikoak eta iruzurtiak ohikoak. Gauzak horrela, begiak zabaltzeko garaia izan zen; zer egin eta zer ez ikastekoa, alegia.
Ibiliaren ibiliaz 2008an, Lehman Brothers-en itzal luzearen pean bizi ginelarik, atzera, Arrasatera bueltatu ginen bulego handiago batera. Eta, urterik zailenak dagoeneko atzean utzita, hemen jarraitzen dugu buru-belarri, proiektua indarberrituz eta gaztetuz.
Atzera begirada honetan, aldaketa asko eman dira lan egiteko eran, baina bat funtsezkoa izan da lan dinamika iraultzeko; izan ere, lehen, bezeroaren eskaerari erantzuten egiten zen lan; orain, ordea, agentzia da bezeroaren beharrei aurrea hartu behar diona. Bezeroen beharrei gertutasunez eta konpromisotik erantzutea; hankak lurrean jarrita proiektuei forma eman eta errealitate egitea; eta, uneoro lanaren ebaluaketa egitea dira AZKren giltzarriak. Gero bat gaurdanik.