Skip to main content

Elkartasuna beti da konexiorik onena hala dio egunotan konpainia teknologiko handi baten leloak.  Eta elkartasun keinuak sare sozial, webgune eta plataforma askotatik ari dira zabaltzen birusaren pareko indarrarekin. 

Etxealdian gaudenetik, hamaika izan dira ikusi-entzun edota parte izan garen elkartasun ekintzak. Ospe handiko markek, esaterako, elkartasun-kanpainak egiteko aprobetxatu dute afera. Baina gugandik gertuago daudenek ere beren txikitik ekarpen handiak egin dizute; horietariko asko eta askok, beren jarduna horretara bideratu dute, gainera. 

Mondragon Unibertsitatean, esaterako, Goi Eskola Politeknikoko 3D inprimagailuekin boluntario sare bat egunero-egunero lanean ari da osasungintzako langileentzako materiala sortzen.

Gipuzkoako herri txiki hau txapelduna da ekintza solidarioak gauzatzen eta herrigintza hitza orainaldian deklinatzen. Azken ekimenak hemengaz.eus  du izena. Aretxabaletako denda, ostalari, autonomo eta negozio txikien komunitate honen helburua da krisialdian hankamotz gelditu diren sektoreei eskua luzatzea, aldez-aurreko erosketak antolatzen laguntzen eta bestelako ekintza batzuen bidez. 

Kolaboratzaile dugun Estudios Durero arte grafikoetara eta sormen-industriara bideratutako enpresa da. Beste askori bezala, Covid-19-ak bere eguneroko jardun arrunta etenarazi zuen, baina egoera berriaren aurrean izan zuten erantzuna txalotzekoa da: beren 3D inprimaketa teknologia baliatuta, buru-belarri jarri ziren osasun langileentzat mantalak ekoizten. 

Kirola eta elkartasuna sarritan eskutik helduta doaz. Honen adibide da Mikel Landak buru den Tropel solidarioa ekimena. Laboral Kutxa eta Euskadi Fundazioak babestutako ekimenak elikagaien bankuarentzat 50.000 euro jasotzeko helburua du.

Mondragon Unibertsitatetik eta MONDRAGON Korporaziotik datorkigu azken ekimen hau, Creating For Humanity izenekoa. Ekintza honen bidez gazteentzako mobilizazio masiboa bultzatu nahi dute koronavirusaren krisiari irtenbide eraginkorrak eta azkarrak bilatzeko, geletan ereiten den ekintzaile sena helburu sozial honi bideratuta.   

Adibide batzuk baino ez dira hauek, marka baten atzean pertsonak eta baloreak daudenaren erakusle; eta, zorionez, elkartasuna, enpatia, konpromisoa, zintzotasuna, talde lana, justizia eta norbanakotik begirada jaso eta kolektibotik begiratzeko gaitasuna duten bestelako balioak dituzten markak asko eta asko dira gurean. 

Zabaldu txata
1
Kaixo!
Laguntzarik behar duzu?