Begiak itxi eta kandelei putz egitean amesten dugun gisan atzean utziko dugun 2018an bete gabeko promesak egiten hasiko dugu gutariko askok 2019a. Edo ez. Hamabi mahats ale hamabi segundotan jaten, edo lehen kanpai hotsean hamabiak ahoratzen. Eta, haragi lehorrak nola, mahats masa-pilota ezin irentsi emango ditugu urteko lehen segundoak. Xanpainarekin topa egiten batzuk eta txispatuko ez dituen burbuilarik gabeko edariekin besteak. Familia giroan agurtuko dugu 2018a askok, oporretan gero eta gehiagok. Batera edo bestera, atzera begirakoa egiten bukatzen dugu askok urtea. Eta horrela bukatuko dugu guk ere.
2018ak sare sozialei dagozkionean zenbaki potoloak utzi dizkigu. Konektatuta bizi gara, sarera lotuta. Datuek hori azpimarratzen dute. 2009a geroztik goranzko joera izan dute sareek. Hazkuntza hori lausotzen ari da, baina mantsotze hori sareak gure egunerokoan errotu diren seinale besterik ez da.
2018an, Espainiar estatuan, 16-65 urte bitarteko lagunen %85ak sare sozialak erabili ditu; hots, 25.5 milioi dira sareetako erabiltzaileak.
Erabiltzaileen profila
- %51 emakumezkoa
- Bataz besteko adina: 38,4 urte
- %74 lanean
Kopuru horrek gora egingo du 2019an. Erabiltzaile ez direnen %9ak datozen hamabi hilabeteetan sareren batean izena emango duela aitortu du eta. Eta, probableena da, sare sozial hauetakoren batean sortzea profila: Facebook, Twitter, Instagram, Linkedin edo Whatsappk, horiek baitira barneratuen ditugunak.
Facebook ezaguna da erabiltzaileen %96arentzat. Twitter da bigarren indarra %72ko ezagutzarekin. Dena den, 2017tik, beheranzko joera du sare honek. Instagramek, ordea, kontrako joera du. Geroz eta presentzia nabarmenagoa du erabiltzaileen egunerokoan.
Sareen ezagutza
- Facebook %96
- Twitter %72
- Instagram %62
- Linkedin %21
- Whatsapp %16
Ezagutzatik erabilpenera urrats bat dago, ordea. Eta, erabilpenari dagokionean ere, Facebook dago zerrendaren gailurrean Whatsappekin batera. Erabiltzaileen %87ak erabiltzen ditu bai bata eta bai bestea. Hala ere, duela bi urtetik hona behera egin du Facebookeko erabiltzaile kopuruak. Aldiz, kontrako norabidean doa Instagram. Geroz eta erabitzaile gehiago ditu.
Sareen erabilera
- Facebook %87
- Whatsapp %87
- Youtube %69
- Instagram %49
- Twitter %48
Sare horien artean, egunean ordu gehien Whatsappen ematen ditugu. Bataz beste, egunean 1:33 minutu eskaintzen dizkiogu sare honi. 16-30 urte bitarteko gazteak dira konektatuta denbora gehien pasatzen dutenak. Adinean gora egin ahala, ordu kopuruak behera egiten du.
Denboraren zatirik handiena Whatsappen igarotzeak lotura estua du sareetan egiten dugunarekin. Eta, sareak, bereziki, mezuak bidaltzeko eta gure kontaktuekin harremantzeko erabiltzen ditugu. Gure jardueraren %66a horretara bideratzen dugu. Bideoak ikusteko, musika entzuteko eta gure kontaktuek egiten dutenaren berri izateko ere erabiltzen ditugu sareak.
Sareetako jarduera
- Harremandu %66
- Bideoak ikusi eta musika entzun %56
- Kontaktuek egiten dutena ikusi %44
- Ezagutza jaso %36
- Edukia argitaratu %33
Begi bistakoa da sarera lotuta bizi garela. Eta sarera konektatzeko gero eta gehiago erabiltzen dugu mugikorra, %95ak erabiltzen du gailu hori. Ordenagailua %91ak erabiltzen du eta tableta %48ak.
Eta zuk, testu hau, zein gailutatik irakurri duzu? Hasi eta buka egin duzu, ala bidean beste hainbat sareetara jo duzu? Zein sareetara? Erantzunetan ikusi duzu ea 2018ko tendentziekin bat egiten duzun. 2019an ere izango dugu elkarren berri!