Joana praktikak burutzen ibili da gure agentzian eta elkarrizketa honekin hobeto ezagutuko duzue bera, bereziki artearekin eta sormenarekin duen harreman estua.
Lehenik eta behin, aurkeztu zure burua. Nor da Joana Manzisidor?
35 urteko arrasatearra. Gehien gustazten zaidana graffitiak margotzea da. Lagunekin gelditu eta norabait egun-pasa joatea, pareta margotu, musika entzun eta garagardoren bat edatea. Bizikletan bidaiak eta txangoak egitea ere oso gustuko dut.
Zer ikasi duzu?
Hasiera batean marrazketa teknikoa ikasi nuen Mondragon Unibertisitatean eta urte batzuk eman nituen Ulman lanean; baina ez zen benetan gustoko nuen lan bat, ez baitzidan sortzeko aukera handirik ematen. Ondoren, Arte Ederrak ikasi ditut Leioa, Atenas eta Bartzelonan. Iazko ikasturtean Diseinuko kurtso bat burutu dut Bastida Akademian, Arrasaten.
Praktikaldian zaude orain, zer nolako lanak burutzen ari zara?
Diseinuko kurtsoan ikasitakoa praktikan jartzen dihardut. Lehenengo Photoshoparekin ibili nintzen argazki batzuei ukituak ematen, ondoren Indesign programarekin katalogo bat egin ahal izateko. Orain Illustratorarekin postal batzuen diseinuan nabil. Software guztiak praktikan jartzeko aukera izan dut, beraz.
Zergatik aukeratu zenuen AZK?
Inguruko publizitate agentziarik potenteena delako eta, bertakoa izanik, lan ta bezero batzuk ezagutzen ditudalako. Ikusi eta ikasi nahi nuen barrutik nola funtzionatzen duen.
Zer inpresio duzu AZK agentziari buruz?, nolakoa da enpresa barrutik?
Espazio fisikoari dagokionez erakargarria da oso, kontzeptu irekia; giroa benetan familiartekoa da, bai espazio irekiagatik, bai talde lanean egiten dituzten proiektuengatik.
Zeintzuk dira zure asmoak etorkizunerako, ikasten jarraitu, lanean hasi…?
Ikasten beti ta baita lanean ere. Berez muralismo ta graffiti dekorazioan jarduten dut, baina hauek lan puntualak izaten direnez, diseinuaren munduan muturra sartzen saiatuko naiz.
Non ikusten duzu zure burua urte gutxi barru?
Gaur egun nagoenetan oso gustura bizi naiz, beraz ez zitzaidan axolako urte batzuk barru berdin jarraitzea. Beti nabil proiektu ezberdinekin esku artean eta horrela ez dago aspertzerik! Jende eta toki berriak ezagutuz, besteak beste.