Zein da jaiotzean egiten diguten lehen galdera? Are gehiago, haurdunaldian, galdetzen digutena? Zer da, neska ala mutila? Galdera horren atzean trinkotuta daude gizarteak jaioberri horri egotziko dizkion betebehar eta aukera guztiak.
Jaiotzetik markatzen gaituzte: belarrietan zuloa bai ala ez, arrosa ala urdina, panpina ala baloia… eta markagintzan ere isla dute genitalen baitan sortutako “genero-markek”.
Genero marketinak naturaletik gutxik
Sexua izendatzearekin batera zehaztuko dira rolak, jokabideak, sentitzeko moduak, bizitzekoak eta jarraitu beharreko ibilbidea. Eta, hori guztia, biologiarekin loturarik ez duen gizarte eraikuntza baten ondorio izango da. Mundura etorri orduko, beraz, binomio baten baitan sailkatzen gaituzte. Eta norma horietan eragina du markagintzak, publizitateak. Gehienetan, femeninitatea eta maskulinitatea etiketak puzteko eta estereotipatzeko erabiltzen da, baita onurak lortzeko ere.
Genero marketinga deitzen zaio sexuaren ezaugarri biologikoetatik harago dauden klixeak desberdintzeari. Adibide praktiko batzuk, esaterako: makilajeari dagozkien markek emakumeak erabiltzen dituzte irudian, baita garbiketaren edo zaintzaren produktuek ere; futbol partiden atsedenaldiko publizitate tartean autoen spotak emititzen dituzte, zerbezen anuntzioak ere gizonentzat daude eginak, baita brikolajearenak ere. Sonatuak izan dira, beste batzuen artean, Bic markak emakumeentzat sortutako boligarfoa: Bic for her edo Doritos markak sortutako patatak, zikintzen eta soinurik egiten ez dutenak.
Salbuespenak salbuespen, emakumeen rolei zuzendutako produktuak sortzen dituen markaren irudia ere bat joango da estereotipo horiekin: koloreak ez dira gogorrak izango, pastel tonalitatekoak, tipografía samurragoa izango dute
Emakumea gauza eta ez pertsona
Emakumeak objektu bilakatzen dituzten marka eta produktuen zerrenda amaigabea da. Emakumeen gorputzak hutsak eta ederrak balira bezala erabili ohi dira sarri, begiratuak (eta menpekoak) izateko.
Publizitatetik harago, badira markak beren erabakien bitartez emakumeak gauza bilakatu dituztenak: emakumeek ordaindu gabe sar daitezkeen diskotekak, edo haurdun geratzeko aukeragatik emakume bat ez kontratatzea…
Sexuaren araberako ohiturak
Gure ohiturak estereotipatuak daude. Ezartzen zaizkigun rol horiei lotuta daude. Marka edo produktu bat ere, sarritan, estereotipatuta edo rol batzuei lotuta dago. Zaintza lanak = emakumeak, kirola edo/eta lehiakortasuna = gizonezkoak… Hortaz, produktu horren komunikazioa ere genero horri zuzenduta egingo da. Hortik, emakumea bazara, Coca Cola light-en publizitatea agertzea eta gizonezkoa bazara Coca Cola Zerorena ikustea.
Sareek, gainera, segmentazio hori ahalik eta zehatzena egiten laguntzen dute. Generoaren arabera ez ezik, adinaren eta geografiaren arabera (besteak beste) sailkatu ditzakegu, mezua nahi dugun horiengana helduz.
Erabilera guztiak ez dira txarrak
Badira binomio hori hautsi eta egitura itxi horretatik aldendu diren markak. Nikek Serena Williamsek haragirik apenas erakusten zuen kirol-arropa janzteak istiluak eragin zituen. Kontrako asko agertu ziren. Bere patrozinadorea den Nikek, ordea, babestu egin zuen ahoz gorako aldarri honekin.
Markek sarritan hauspotzen duten gizontasun eredu bat kolokan jarri zuen Gillettek bere azken spotean. Markak gizonentzat produktuak saldu arren, markaren eta gizon matxisten artean arrakala handia dagoela azaldu zuen eta eredu horrekin bat egiten ez zutela. Sona handia izan zuen iragarkiak.
Tesco supermerkatuak ere hartu ditu erabaki berdinzaleak. Beren dendetako produktuetan tasa arrosa kendu du. Toy Planetek jostailuen katalogoan berditasunari eusten dio eta aniztasuna bermatzen du.
Gertu ere baditugu adibide onak. Hainbat markek emakumeentzat “boyfriend” galtzak saltzen dituzten bitartean, beste batzuek (Berria, Berri Txarrak, Euskaraz Bizi Nahi Dut…) elastiko zabalak eta estuak saltzen dituzte; eta ez neskentzako eta mutilentzako direnak, esaterako.