Oihana Iguaranek etxepean gauden egunotan, Lurraren pean doinupean ondorengoa kantatzen zuen:
«Gizarte gisa erakusteko
aukera bat da, dena den
zer egiteko gai garen eta
zer izateko prest gauden.»
Egiten duguna bagara, etxealdi honek erakurtsi digu sortzaileak garela.
Arnasa hartzeko ere tarterik ez
Minutu bateko gizartean bizi ginen, gara. Azkar. Oso azkar. Azkarregi. Presaka. Batetik bestera, beti berandu. Asperdura txarra balitz bezala, aspertzeari tarterik eskaini gabe. Agenda bete-betea, begiak zabaltzen ditugunetik ixteraino egitekoz beteta. Orain arte denboraren menpe ibili gara, erlojuen orratzen tik-tak hotsak itota. Denera iristeko antsiaz eta, era berean, kalitatezko denbora eskaini gabe: ez norberari, ez gertukoari. Ezeri. Inori. Begira, baina ikusi gabe; entzuten, baina aditu gabe; irentsi eta irentsi, baina dastatu gabe.
Azkar. Oso azkar. Azkarregi. Produkzio katean burubelarri, begiak hortik jaso gabe Norberari begiratu gabe, sormenari tartea atera gabe.
Gure plateren gatza eta piparra
Itxialdi honek, ordea, tartea eman digu gurekin egoteko, norbera norberarekin. Halabeharrez bada ere, gelditzeko. Eta, begiratu nahi ez duenak ere ikusi ahal izan du sortzaileak izan bagarela. Egunotan, sormenak bor-borka egin du gure lapikoetan, gure paper zurietan…
Aspertzea delitua dela dirudien gizarte honetan, denbora gauzak egiten eta egiten betetzen dugu. Egiteagatik egitea baino, barrura begirako leihoak zabaltzeko sortu behar dugu. Horretarako, sorkuntza, berrikuntza eta jakin-mina landu behar ditugu. Zergatik eta zertarako?
- SORKUNTZA. Orain arte inork egin ez dituen galderak egiteko.
- SORKUNTZA. Orain arte inork ikasi ez duena ikasteko.
- SORKUNTZA. Orain arte inork begiratu ez dionari begiratzeko.
Ikusteko, aditzeko, dastatzeko. Eta, horretarako, kozinatzean tipulari nola, gure buruari ere kendu behar dizkiogu azalak. Beldurrak. Lotsak.
Sorkuntza ez da piramidala, goitik beherakoa. Sorkuntza norberarengandik abiatzen da. Duzun lanbidea, egitekoa, interesa edo bizibidea izanda; berdin du, hori ez da muga. Egiten duzun horretatik, bakoitzak bere txikitik (edo handitik, zergatik ez!) garatu dezake.
Eta ez lotsatu egiten duzuna elkarbanatzeko, komunikatzeko. Kontatzean beste batzuei sormenaren poxpoloa pizten lagundu diezaiekezu. Zure sua beste batentzat hasierako sugarra izan daiteke. Eta honela, poxpoloz poxpolo, sugarrez sugar, ilun ikusten dugun zulo honi argia emango diogu eta etxepetik inoiz baino indartsuago, elkartuago eta ahaldunduago aterako gara.
Itzaliko ez den sua
Lehen lerroetan esan dugunari helduta, egiten duguna bagara, izan gaitezen sortzaile eta sortu dezagun suaren indarra duen gizarte kohesionatu, gizatiar, aske eta bizigarria. Sorkuntza horretarako bidea izan daiteke; bai, behintzat, gurea.
Hortaz, sormena su txikian berotzen jarraituko dugu, aroma ederreko eta gorputz askoko salda izateko, gure barruak goxatuko dituena. Izan ere, sormenak, itotzen gaituzten egoeretan leiho bat marrazten lagunduko digu. Haize freskoa sartzen. Bizirauten baino, bizitzak eta gorputzak erdigunean jarri eta bizigarri egiten.
Egiten duguna bagara, ez jarri mugak sormenari. Izan sortzaile!