Gazteek gero eta gehiago erabiltzen dituzte sare sozialak. Urtetik urtera, Euskal Autonomia Erkidegoko gazteek ere gero eta denbora gehiago eskaintzen dizkiete sare sozialei, euren artean harremanak izan, ondo pasatu, informatu edota edukiak sortu eta partekatzeko.
Egoera horren argazki zehatza ateratzeko, Gazteen Euskal Behatokiak ‘Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen erabilera-ohiturak 2023ean‘ txostena argitaratu berri du. Txostena 2023ko azaroan Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko 1.701 gazteri egindako inkestetan oinarritzen da.
Ondoren, emaitzik aipagarrienak:
- Igo egin da egunero hiru sare sozial edo gehiago erabiltzen dituztenen ehunekoa (% 72, 2023an).
- Instagram da Euskadiko gazteek egunero gehien erabiltzen duten sare soziala (% 79,2), batez ere emakumeak.
- TikTok eta BeReal dira azken urteetan gazteen artean eguneroko erabileran hazkunderik handiena izan duten sare sozialak; 15 eta 19 urte arteko emakume gehienek egunero erabiltzen dituzte.
- Aitzitik, jaitsi egin da egunero Youtube, X (lehen Twitter izandakoa), Snapchat, Twicht eta, batez ere, Facebook erabiltzen dutenen ehunekoa.
- Gazteen % 61,7 k youtuber, influencer edo gamerren bati jarraitzen diote. Ehunekorik altuena 15 eta 19 urte bitarteko gizonei dagokie (% 70).
- Hamar gaztetik batek edukiak sortzen ditu Interneten gaur egun (% 9,5). Eduki horiek, batez ere, argazkiak izaten dira edo bideojokoekin lotuta daude (gizon sortzaileen artean) edo, bestela, bizimoduarekin lotuta daude (azken hauek ohikoenak dira emakume sortzaileen artean) Edukiak sortzen talde aktiboena 15 eta 19 urte bitarteko gizonena da.
- Ia gazte guztiek gaztelania erabiltzen dute sare sozialetan (% 97,9). Gehienek ingelesa ere erabiltzen dute (% 62,4). Eta hamar gaztetik lauk euskara erabiltzen dute (% 40, 7). 2022tik 2023ra handitu egin da hizkuntza guztien erabilera, baina batez ere ingelesarena.
- Gazteen %29,3 noizbait jazarria sentitu da sare sozialetan pertsona batek edo batzuek etengabe mezuak bidaltzen zizkiotelako, iruzkin desatseginak bidaltzen zizkiotelako, iraintzen zutelako, mehatxatzen zutelako edo horrelako zerbait egiten ziotelako. Ehuneko hori handiagoa da emakumeen artean gizonen artean baino (% 36,3 eta % 22,6, hurrenez hurren, 2023an).
- Gazteen % 15,3k dio, noizbait, sare sozialetan bizi izandako jazarpena sexuala izan dela Ziberjazarpen sexualaren egoeraren bat bizi izan duten emakume eta gizon gazteen arteko aldeak oso deigarriak dira (emakumeen % 23,8 eta gizonen % 7,4).
Irakurri, osorik, Gazteen Euskal Behatokiaren ‘Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen erabilera-ohiturak 2023ean’ txostena.