6 ordu eta 54 minutu. Hori da 2020an mundu mailan erabiltzaile bakoitzak Interneten pasa duen eguneko bataz besteko denbora, We Are Social agentziak egindako ikerketa baten arabera. Euskal Herriaren kasuan datu hori zehazki zein zifratan dagoen jakin gabe ere, agerikoa da gurean ere Covid19-aren pandemiak azaleratu dituen auzien artean dagoela onlineranzko joera. Honela, kaleak hustu izanak eragin zuzena izan du kanpo publizitatean.
Errealitate horren baitan, pertsonen ohiturekin lotura estuena izaten asmatu duten markak dira pandemian indartsuen agertu direnak. Egokitzeko gaitasuna dutenak, alegia: erresilienteak. Denbora gutxian erabaki asko hartu behar izan dituzte, eta inflexio puntu horretan, online komunikazioak hozka handi bat jan dio offline komunikazioari, bigarren honen etorkizuna zalantzan jartzeraino.
Online eta offline, elkarrekin osagarri
Lehenagotik datorren tendentzia da kale publizitatearen digitalizazioa. Gaur egun bizirik egotearen gakoetako bat, eta etorkizunera jauzi egiteko norabide nagusia. Urte gutxian, pantailek ordezkatu dituzte marka ertain eta handien kaleko publizitate euskarri fisiko gehienak, eta are gehiago arautu eta sistematizatu da bere erabilera. Aldaketak aldaketa, ordea, zer gertatuko da kale publizitatearekin? Iragana da ala badu etorkizunik?
Publizitatea eta marketina egiteko modua errotik aldatu den honetan, eta enpresa eta entitateen irisgarritasunerako, interes komertzialetarako edota salmentetarako premia nabarmen hazi denean, zalantzan jarri da offline marketinak erabiltzaileak erakarri eta emaitza kuantitatibo onak lortzeko duen gaitasuna. Dena den, 2020an bigarren plano batera pasatu izanagatik, 2021an aukera leiho bat zabalik du publizitate teknika honek; kaleak berreskuratzearekin batera, publizitate estrategia oso eta erakargarriak egiteko eta sormenari bide emateko parada eskainiko duelako.
Izan ere, pandemia osteko egoerari begira, offline eta online kanalen uztarketa bilatuko duen tendentzia bati buruz hitz egiten hasiak dira azken hilabeteotan; bi esparruek elkarren beharra izango dutelakoan, eta modu bateratuan kudeatu beharko direlakoan. Bien baturak bakoitzaren indartzea baitakar, eta nola ez, baita markarena ere.
Kalean mugikorraren pantailari begira ibiltzen direnen ehunekoa igotzen ari da, ordea, eta, ondorioz, jendearen arreta pizteko erronka gero eta handiagoa da. Erronka horri erantzuteko, hainbat gomendio jaso ditugu ondorengo lerrotan.
Sei gomendio, kalea berrartzeko
Testu laburrak erabili. Denboraren faktorea gero eta erabakigarriagoa da eta, beraz, ulertzeko errazak diren mezu laburrak eta zuzenak erabiltzea oinarrizkoa da, hedatu nahi den mezua hartzaileengana iritsiko dela bermatzeko. Nabarmendutako hitzak gehienez 6 izatea gomendatzen da.
Gaizki-ulertuak saihestu. Iragarki ikusgarri bat plazaratu nahi baduzu, aintzat hartu ahalik eta pertsona gehienek ulertzea komeni dela eta, beraz, ekidin umore ulergaitza, edo mezu konplexuak. Originaltasunak ez du zertan kontrajarria izan ulerterraztasunarekin.
Iragarkia leku bakar batean baino gehiagotan ipini. Kanpainak funtzionatu dezan, komenigarria da ahalik eta lokalizazio gehienetan jartzea, betiere aurrekontuaren arabera, dauden aukerak ondo aztertuta. Kokapena ere hartzailearen arabera aukeratzea garrantzitsua da.
Erabili irudiak. Zabaldu mezua irudi bidez, erakutsi esateko duzun hori. Horretarako, erabili mezua testuinguratzeko baliagarriak diren argazki edo bideo erakargarriak.
Irudimenari lekua egin. Funtsean, sormena da edozein kanpainaren arrakastarako giltza. Eskaini behar duen denbora eta egin merezi duen tokia. Oinarri hau ondo landu ezean, alferrikakoa da gainerako esfortzu guztia.
360 graduko kanpainak. Kokatu iragarkia estrategia orokor baten baitan, eta zehaztu ondo kanpaina zehatz horren hartzailea eta helburua. Behin ere ez landu kale publizitatea ekintza solte moduan.
Ate joka daukagun eta pandemia bukatu ahala eskuartean izango dugun erronkari erantzuteko hasiera bide orri bat besterik ez dira arestian jasotakoak. Norberak bere markaren esentzian eustea eta hori balioan jarriz bide berriak urratzea izango da gakoa; sortzaile, ekintzaile eta eraldatzaile izatea.