Skip to main content

Irratiak beti izango du bere magia, beti izango da berezi, desberdin. Ahotsaren atzean nor dagoen irudikatuko dugu, bakoitzak bere irudia sortuko du. Ikusten-ez-dena-irudikatzearen magia horrekin apurtzen ari gara azken urteotan -streaming irratsaioekin, adibidez-, irudiaren gizartean bizi gara eta.

Hitzez esaten dugunarekin %7a besterik ez dugu komunikatzen. Ahozkoa ez den komunikazioarekin, ordea, %93.  Hortik ere, irudia gailentzea. Baina, egun, minutu bateko kulturan eta presaren gizartean bizi gara. Beti azkar.

Denborak urrea balio du. Eta, denbora aprobetxatzeko, sarri, bi gauza aldi berean egin ohi izan ditugu: bideo bat irratsaio bat balitz bezala entzun, eta, paraleloan, testu hau idatzi.  Testuinguru horretan, Podcasta, egungo kontsumo ohituretara egokitzen den formatua da: errora jotzen du, azkarra da; eta, aldi berean, beste zerbait egiteko aukera ematen digu.

Kozinatzen dugun bitartean entzun daiteke, kirola egiten dugunean, lanean gaudela, autoan… hamaika egoeratan entzun dezakegu; eta, gainera, gure gustuen baitan aukeratu dezakegu.  Baina, zer desberdintasun dago, bada, podcast eta irratsaio baten artean?

Irratsaioa, normalean, atalez osatuta dago. Guk, entzule gisa, atal bat bestea baino gustukoago izango dugu. Irratsaio guztian baino, saio horren atalen batean edo bestean izango dugu interesa.

Podcastak, hain juxtu, atalak lirateke. Gai jakin baten inguruan sortutako saioa, egitura jakina duena eta atalez atal errepikatzen dena.

Podcast interesgarri batzuk:

  • Berria FM
  • Barruan gaude
  • Deforme Semanal
  • Buenismo Bien
  • Delirios de 40deFiebre

Podcast horiek guztiak azkarrak, zuzenak, mamitsuak eta, hein batean, ekonomikoak dira. Komunikatzeko kanal tradizionalekin alderatuta, ez dira garestiak.

Gainera, 24 ordutan eta asteko 7 egunetan entzun dezakezu, nahieran; ez da irratsaio baten antzera, frekuentzia topatu eta zuzenean entzun behar duzula: edonon eta edonoiz entzun dezakezu.

Geratzeko etorri den formatua da. Geroz eta sustraituago gaude gurean, eta zurean, zure enpresan, zer nolako garrantzia izan dezake?

  • Zure ahotsa entzuteko bide ematen du
  • Zure publikora hurbiltzeko balio du
  • Aditu zaren gaiean erreferente izateko
  • Gertuko kanala da
  • Edozein momentutan eta edonon entzun dezakezu, nahieran
  • Multikanala izan daiteke; eta, era berean, hibridoa: sare sozialetatik zabaldu dezakezu, Youtuberako egokitu, podcastarekin lotutako edukia sortu…

Esan bezala, gurean, geroz eta sustraituago dagoen formatua da. Berriak sortua du berea (Berria FM), Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikus-entzunezko komunikazioko ikasleek ere Putzutik Plazara sortu zuten iaz, Mondragon Unibertsitatea bera ere igo da trenera, EITBk eta Euskadi Irratiak podcast berriak ekoizteko plataforma sortu dute; eta Oier Aranzabal, beste profesional batzuekin batera, Podcastfilia sortzen ari da.

Badago uzta, beraz, gurean. Esan bezala, geratzeko etorri den formatua da.

 

Zabaldu txata
1
Kaixo!
Laguntzarik behar duzu?